Bizi Kiropraktikan, kiropraktikaren bidez, zure nerbio-sistema zaintzeko konpromisoa dugu. Doikuntza kiropraktikoa gure lanaren oinarria eta ardatza den arren, bihotz-koherentziako tekniketara ere jotzen dugu, orno-subluxazioek eragiten dituzten tentsioa eta estresa gutxitzeko eta nerbio-sistemaren funtzionamenduan aldaketak sortzeko..
Estresa ondoez emozionala da, zeina maiztasun txikiko sentimenduekin lotuta dagoena. Estresa ez da kanpoko egoerengatik edo gertaerengatik bakarrik sortzen; gizabanakoen barneko pertzepzio eta jarrera emozionalekin ere badu zerikusia, baita identifikagarria den kanpoko estimulurik gabe ere.
Estresari erantzuteko, pertsona batek bere inguruan duen kontrol-sentsazioa arriskuan jartzen da.
Estresarekin lotutako emozioek nerbio-sistema autonomoa (NSA) eta hormona-sistema aktibatzen dituzte, eta gorputzeko gainerako sistema eta organoen jarduera eta funtzioa aldatzen dituzte. Orain badakigu bihotzak, burmuinak, NSAk eta hormona-sistemak elkarrekin lan egiten dutela, eta horietako edozeinetan gertatzen diren aldaketek eragina izango dutela gainerako sistema eta organoen funtzioan.
Estatu Batuetako HeartMath Institute-n, estresak eta maiztasun txikiko sentimenduek gure bihotzaren erritmoan duten eragina aurkitu zuten. Beldurra, tristura, amorrua, erresumina... bezalako emozioak sentitzen ditugunean, bihotzak seinale inkoherentea igortzen du garunera, eta horrek eragin negatiboa du NSAren bi azpisistemetan, sistema sinpatikoan eta parasinpatikoan.
Aitzitik, maitasuna, esker ona, poza, askatasuna... bezalako emozio handiak sentitzen ditugunean, bihotza erritmikoki taupadaka hasten da, danbor baten gisa, eta koherentzia sortzen du garunean, oreka handiagoa sortuz NSAren bi adarretan. Bihotz koherente baten eraginez, nerbio-sistemak erantzun egiten du, burmuinaren energia handituz, eta horrek eragin positiboa du gorputzeko organo guztietan. Bihotzak eta garunak elkarrekin lan egiten dutenean, osatuago, konektatuago eta poziago sentitzen zara. Garrantzitsuena da, sistema osoan sortzen den orekari esker, gorputza sendatu eta indarberritu daitekeela.
Insight teknologiari esker, badakigu zein egoeratan dagoen zure nerbio-sistema autonomoa. Hala, Bizi Kiropraktikan badakigu zer aholku eman zure bihotzean eta garunean koherentzia handiagoa sor dezazun. Doikuntza kiropraktikoak eta HeartMath-en tresnak konbinatuz, badakigu aldaketa positiboak sor ditzakegula NSAn.
3 profesional kiropraktikok eta 3 laguntzailek osatzen dute BiziKiropraktikako taldea. 2002an zentroa ireki zenetik, zaintza kiropraktikorik onena eskaintzea da gure konpromisoa. Gure asmoa, berriz, pertsona bakoitzak berez duen potentzialari adierazpiderik onena ematen laguntzea, kiropraktikaren bidez. Gure gizarteko familien osasunerako erreferentzia positiboa izan nahi dugu. Horregatik, euren berezko ahalmenaz jabetzen laguntzen diegu, beren osasuna suspertzeko prozesuan partaide izan daitezen.
Kiropraktikaren helburua bizkarrezurra zaintzea da, nerbio-sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta, horrela, organismoak berez duen birsortzeko eta sendatzeko gaitasuna handitzeko; izan ere, gutariko bakoitzak duen Berezko Adimenaren adierazpidea hobetzen du.
Bizkarrezurrak bere barnean gordetzen du nerbio-sistemaren zati handi bat. Nerbio-sistema gure gorputzeko zelula, ehun eta organo guztiak kontrolatu eta koordinatzen dituen entitatea da, hain zuzen. Batzuetan, gure bizkarrezurreko ornoek jarrera okerrak hartzen dituzte (orno-subluxazioa) eta gure gorputzaren funtzionamendu egokia oztopatzen dute.
Bizkarrezurrean ditugun orno-subluxazioak identifikatu eta zuzentzea da kiropraktikaren helburu nagusia, horrela jokatuz gure nerbio-sistema askatu eta gorputzak bere burua sendatzeko duen gaitasuna indartzea lortzen delako.
Adimen-eremu batek lotzen du unibertsoan dagoen guztia, eta horrek existitzen den guztiari bizitza, informazioa, energia eta kontzientzia ematen dio.
Kiropraktikook badakigu partikula azpiatomikoetatik hasi eta galaxien errotazioraino antolatzeko gai den adimena dugula gutariko bakoitzaren barnean. Sortzen garenetik hiltzen garenera arte gure baitan dagoen adimen horri Berezko Adimena esaten zaio, eta unibertsoan dagoen materia guztia gobernatzen duen Adimen Unibertsalaren parte da.
Badakizu adimen horri esker gure bihotzak egunean ehun eta hogei mila taupada ere egin ditzakela, minutuan 7,5 odol litro ponpatzen dituela eta 24 orduro odolak 96.000 kilometrotik gora egiten dituela? Adimen horren ardurapean daude gure gorputzaren oinarrizko eginkizunak eta eginkizun konplexuak ere. Honen adibide dira, elikagaien digestio eta ondorengo hondakinen iraizpena edo emakumearen gorputzean bi zelula batuz gizaki berri bat munduratzea. Itxuraz mirari baten parekoak diren funtzio horiek guztiak naturalak eta ohikoak dira adimen hori adierazteko gai den gorputz batean.
Berezko Adimenak nerbio-sistema autonomoa behar du guretzat funtzio automatiko horiek guztiak burutzeko. Adimen horren adierazpidean interferentziarik ez badago eta harekin bat egiten badugu, barne-oreka sortzen da, pertsona osasuntsu dagoen seinale. Alabaina, Berezko Adimenean gertatzen diren interferentzien ondorioz, gure gorputza etengabeko estres-egoeran egoten da, eta, azkenean, gaixotasuna azaldu daiteke.
Kanpoko egoerak eta inguruko pertsonak baino handiagoa den zerbaiten zati garela sentitzen dugun bakoitzean, denbora eta ezagutzen dugun lekua ahaztuz, gure adimen pertsonala adimen unibertsalarekin lerratzen dugu; existitzen den guztiaren iturburu den eta dena ahalbidetzen duen Adimenarekin sinkronizatzen dugu gure gorputza.
Kiropraktikoak izanik, gure oinarrizko betebeharra da Berezko Adimenaren konexioa eta adierazpidea erraztea. Horretarako, bizkarrezurrean egon daitezkeen orno-subluxazioak zuzentzen ditugu. Badakigu gure bizkarrezurraren egituraren edozein aldaketak nerbio-sistemaren funtzionamendua aldatzen duela, eta haren tonuan edo bibrazioan eragina duela; gauza bera gertatzen da gitarraren haritik datorren soinuarekin, izan ere, presioaren arabera soinua aldatu egiten da.
Zure bizkarrezurra subluxaziorik gabe egotea nahi dugu, organismoak bere burua sendatzeko eta konpontzeko duen sistema ahalik eta ondoen adieraz dadin. Zure gorputzean naturala, logikoa eta berezkoa dena adierazten lagundu nahi dizugu.
Ornoak jatorrizko kokalekua eta eginkizuna galtzen badu, ORNO SUBLUXAZIOA dagoela esango dugu. Horixe izaten da ondorioa, une batean gure nerbio-sistema ez bada egunerokoan jasaten dugun estres fisikoari, kimikoari eta emozionalari eusteko gai.
Gure bizkarrezurraren eta nerbio-sistemaren artean dagoen lotura estua dela eta, eragin zuzena du gure ornomuinaren eta alboko nerbioen bidez transmititzen den informazio-fluxuan; hau da, Berezko Adimenaren adierazpidean. Osasun ona eduki nahi badugu, ezinbestekoa da gure barne-komunikazioa ere ona izatea.
Batzuetan, orno-subluxazioak sintomen eta gaitzen bidez azaleratzen dira; beste batzuetan, ordea, isilean gerta daitezke. Horrexegatik, gure bizkarrezurra egoera onean dagoela ziurtatu behar dugu, organismoaren auto-zaintzako eta auto-konponketako mekanismoa egoki adierazteko.
Subluxatua dagoen ornoan soilik egiten den berariazko mugimendu zehatzari esaten zaio doikuntza kiropraktikoa. Orno horren kokapena zuzentzea, beraren eginkizuna hobetzea eta nerbio-sisteman eragiten duen estresa murriztea da helburua.
Zorionez, kiropraktikako teknika ugari daude gaur egun. Aurrerakuntza horiei esker, pertsona bakoitzarekin modu zehatzagoan eta eraginkorragoan jarduteko aukera dugu. Ezin dugu ahantzi doikuntza kiropraktikoaren helburua beti berbera izango dela, teknika bat ala beste erabili arren: nerbio-sistema orno-subluxazioek eragindako interferentzietatik askatzea, Berezko Adimena hobeto adierazi ahal izateko.
Kiropraktikoek unibertsitate-prestakuntza dute; Espainian, lizentzia baten parekoa. Kiropraktikako karrerak bost-zazpi ikasturte eskatzen ditu (ikasturteen kopurua bata zein bestea izan daiteke, herrialdearen arabera): 5.500 ikastordu, gutxi gorabehera. Karrera amaitu ondoren, Kiropraktikako Doktore (Doctor of Chiropractic) edo Kiropraktikako Lizentziadun (ikasketak Europako unibertsitateren batean eginez gero) titulua eskuratzen da.
Kiropraktikako karrera eskaintzen duten erakunde akreditatu guztietan irakaskuntzaren berdintasuna eta hezkuntzaren kalitatea ziurtatzeko egiaztatze kontseiluak sortu dira, zeintzuek, nazioartean, lanbidearen hezkuntza estandarrak ezartzen dituzten, ikasketa-planak gainbegiratuz eta horiek ematen dituzten unibertsitateak ikuskatuz.
Europan, European Council on Chiropractic Education (Hezkuntza Kiropraktikoaren Europako Kontseilua, ECCE) erakundeak lan egiten du. Ikasketa-planak homologatzen ditu, ematen diren irakasgaiak (teorikoak eta praktikoak) eta kreditu-kopurua, irakasleen prestakuntza, instalazioen egokitzapena eta abar kontrolatzen ditu, eta unibertsitate horiek ematen dituzten tituluak onartzen ditu.
Madrid College of Chiropractic (MCC) eta Barcelona College of Chiropractic (BCC) erakundeek Espainian emandako tituluak ECCEk egiaztatu ditu, lanbidean aritzeko adostutako kalitateko estandar akademikoak betetzeagatik. ECCE Europar Batasunak onartutako kontseilua da.
www.rcumariacristina.com
www.bcchiropractic.es
kiropraktiko baten eskuetan jarri aurretik, ziurtatu behar bezala kualifikatuta dagoela www.quiropractica-aeq.com helbidean.
Kiropraktika osasun-lanbidea da AEBn, Kanadan, Australian, Zelanda Berrian, Mexikon, Costa Rican, Erresuma Batuan, Suitzan, Norvegian, Danimarkan, Belgikan, Frantzian, Portugalen, Italian, Zipren, Leichtensteinen, Maltan edo Andorran, adibide batzuk aipatzearren. Herrialde horietan, kiropraktikoak modu independentean lan egiten du, osasun-sisteman integratuta, mediku edo odontologo baten mailan, eta haren zerbitzuak gizarte-segurantzak edo aseguru pribatuek estaltzen dituzte osorik edo partzialki. Beste herrialde batzuetan, hala nola Espainian, Kiropraktikak oraindik ez du berezko erregulaziorik. AEQk lanean dihardu Kiropraktikaren erregularizazio eta Mendebaldeko herrialde gehienetan duen aitorpena lortzeko.
AEQk, gaur egun, Zientzia Batzorde bat du, lehen mailako aldizkari onetsi eta espezializatuetan agertzen den kiropraktikari buruzko ebidentzia zientifikorik onena bildu eta eguneratzeko.
Halaber, Ikerketa Kiropraktikoaren Sarea (RIQ) sortu da, Jiménez Díaz Fundazioarekin eta Alcalá de Henares Unibertsitatearekin lankidetzan, gure herrialdean bertan bikaintasuneko ikerketa zientifiko kiropraktikoa sortzeko. Lan horren ondorioz, 2018ko ekainean, kiropraktikari buruzko ebidentzia zientifikoaren txostena aurkeztu zen.
Kiropraktika, Munduko Osasun Erakundeagatik (MOE) osasun lanbide bezala onartua dago eta munduko lurralde garatu gehienetan (besteak beste, Erresuma batua, Frantzia, Portugal, Italia, Danimarka eta Suitza) lanbide bezala arautua dago. Espainiar estatuan ostera Kiropraktika oraindik ez da osasun lanbide bezala onartua izan, ezta arautua ere. Osasun arautegia herrialde bakoitzaren barne zuzenbidean oinarritua dago eta Europar Batasuneko (EB) herrialde bakoitzak bere subiranotasuna du erabaki hauen aurrean. Horrela, gaur egun Espainiar estatuak oraindik ez du Kiropraktika osasun lanbide bezala arautu. Espainiako Kiropraktika asoziazioak (A.E.Q) gorte eta sailburuetara jo du, bertako osasun eta hezkuntza sailetako arduradunek Kiropraktikaren legegintza prozesua bultzatzeko eskaerarekin. Kiropraktika lizentziatura eskuratzeko 5 eta 6 urte bitarteko heziketa programa bat gainditu beharra dago profesioa arauturik dagoen herrialdetan. Espainiar estatuan bi erakundeek: Real Centro Universitario Maria Cristina de Madrid (RCU) eta Barcelona College of Chiropractic-ek (BCC) 5 urteko iraupena duen kiropraktika formazioa eskaintzen dute. Titulu hauek, aipaturiko bi unibertsitateek emaniko titulu propioak izango dira estatuak kiropraktika arautu arte. Dagoeneko titulu hauek “Consejo de Educación Quiropractica Europea” (E.C.C.E) erakundearen kalitate eta bikaintasun estandarrak jaso dituzte eta bertan ikasitakoek osasun arloko profesional bezala lan egin ahal dute atzerriko herrialde askotan: besteak beste Estatu Batuak, Frantzia eta Ingalaterra. Espainiar Kiropraktika asoziazioa (A.E.Q) 1986. urtean sortu eta barne sailburuak onartua izan zen. E.C.C.E erakundeak onarturiko tituluak dituzten 200 kidetik gora edukitzeak profezioaren ariketa goi mailako kalitatezkoa denaren proba da Europa mailan. Zoritxarrez, gure tituluak oraindik ez dira ofizialak Espainiar estatuan. Kiropraktika zaintza jasotzen ari bazara, begiratu ea zure kiropraktikoa A.E.Q-ko kide den. Honetarako http://www.quiropractica-aeq.com web orrira joan eta klikatu “Busca un quiropráctico” atalean. Espainiar estatuan kiropraktikaren arautze prozesua aukera politiko kontua da. Bitartean, A.E.Q-k ezarritako estatutuko baldintzak betetzen ditugun kiropraktikook, Europako beste herrialde askotan ez bezala, segurtasun juridiko gabe gaude. Ondorioz, guk ezarritako estandarrak betetzen ez dituzten “ustezko kiropraktikoen” zaintzapean egoteko arriskuan dago biztanlegoa.
Osasuna zaindu nahi badugu, guztiok behar dugu geure bizkarrezurra aztertu eta doitzea, nerbio-sistemak interferentziarik gabe eta ezin hobeto funtziona dezan. Horrenbestez, kiropraktika jaioberriei, haurrei, helduei eta adinekoei zuzenduta dago, egoera fisikoa eta psikikoa edozein dela ere. Izan ere, kiropraktikak osotasunean bizi izaten laguntzen digu. Ez dago kiropraktikoarengana joateko adin egokirik; edozein une da ona gure osasunaren ardura hartu eta aldatzeko: sintomak edo gaixotasunak heltzeko zain egon beharrean, geure burua zaintzeko eta gure ingurunera egokitzeko gaitasuna handitzeko.
Gurasoek badakite zer garrantzitsua den seme-alabentzat hortzak, entzumena eta ikusmena aztertzea; alabaina, akaso azterketarik garrantzitsuena ahanzten dute: bizkarrezurra aztertzea. Ez dugu seme-alabak bizkarreko mina edukitzeko zain egon behar kiropraktikoarengana joateko.
Haur baten lehen subluxazioaren jatorria umetokian egon daiteke, beharbada bertan jarrera txarra zuelako; era berean amak ematen dion ingurune kimikoaren eta emozionalaren ondorioa ere izan daiteke. Gero, jaiotzeko prozesuak ere eragin ditzake interferentziak nerbio-sisteman, erditzeko bidearen arabera.
Jaio ondoren ere, badira haurrei subluxazioak eragiteko bestelako arrazoiak, hala nola faktore fisikoak (erorketak, jarrera desegokiak, motxila pisutsuak, oinez edo bizikletaz ibiltzen ikastea). Antibiotikoek edo beste botika batzuek eragindako estres kimikoak edota elikadura desegokiak ere sor ditzakete subluxazioak haurrengan. Azkenik, ezin dugu ahantzi faktore emozionalek ere eragin ditzaketela subluxazioak, izan ere, txiki-txikia denetik haurrak etengabe egin behar die aurre egoera berriei: haurtzaindegian hastea, gurasoekin denbora gutxiago ematea, beste ume batzuekin harremanak izaten ikastea... Horren guztiaren ondorioz, haurren bizkarrezurrek subluxazioak jasan ditzakete; txantxar isil baten pare, orno-subluxazioak haurraren organismo osoan eragiten du, a priori ondorioak nabaritu gabe.
Zaintza kiropraktikoak modu naturalean dakar ongizatea, eta prebentzio-eginkizun garrantzitsua betetzen du haurren bizitza-kalitaterako.
Giza gorputzaren egokitzeko gaitasun sinestezina inoiz baino ageriago azaltzen da emakumea haurdun dagoenean. Prozesu horrekin batera gertatzen diren aldaketa fisiologikoak harrigarriak dira, betiere haurra garatzeko girorik onena sortu eta erditzeko unea prestatzeko asmoz.
Prozesu hori ez da egoera bikainean gertatuko nerbio-sistema egoki ez badabil; izan ere, hark kontrolatu, zuzendu eta koordinatzen du gure garapena, sortzen garen unetik bertatik aurrera.
Haurdunaldian emakumearen gorputzean gertatzen diren aldaketak direla eta, amaren bizkarrezurrak eta pelbisak subluxazioak jasateko arrisku handiagoa dute etorkizunean. Subluxazio horiek eragin zuzena dute haurraren garapenean. Tentsioak umetokian agertzen direnez, eragin zuzena dute umeak jarrera egokia izateko espazioan. Horregatik, emakume haurdunak nahitaezkoa du zaintza kiropraktikoa. Emakumearen sistemek eta organoek bi izakirentzat egiten dute lan eta ezinbestekoa da ezin hobeto ibiltzea, umea egoki garatuko bada. Erditu ondoren ere, emakumearen gorputza eta bizkarrezurra egoera berrira egokitzen lagunduko du kiropraktikak.
Kiropraktikak suspertzen eta osasun-maila ona izaten laguntzen die emakumeei haurdunaldia baino lehen, haurdunaldian zehar eta ondoren.
Kiropraktikaren zaintzari esker, adinekoek jardun fisikoa mantendu ahal dute eta ahalik eta autonomia handienaz eusten diote egunerokoari.
Honako hauek dira adineko pertsonek zaintza kiropraktiko erregularrari esker eskura ditzaketen onurarik ohikoenak*:
* Rand Corporationek 1996an Amerikako geriatriko batean 75 urtetik gorako gaixoekin egindako azterlan batetik atera ditugu datu horiek. Azterlanean, gutxienez hiru urtez arreta kiropraktikoa jaso duten adineko gaixoen bilakaera alderatzen da zaintza kiropraktikorik jaso ez duten ezaugarri bereko gaixoen bilakaerarekin.
Kiropraktikari esker, adineko pertsonek sasoia berreskuratu edo mantendu egiten dute, eta, horrela, bizitza betea izan dezakete.
Goi mailako kirolak gorputz orekatua eskatzen du, gaitasunak % 100ean izateko.
Kirolariek eskakizun fisiko, kimiko eta emozional handiak dituzte, eta orekarik ez badute, oso zaila egiten zaie aurreikusitako helmugak lortzea.
Aurretik kiropraktikoak ornoak doitu ez badizkie, kirolari asko ez dira lehiatzera joaten.
Hau da, ez dira gaixotzeko edo zauritzeko zain egoten: gorputza etengabe sasoian eduki nahi dute, jakin badakitelako gorputz orekatuak emaitza hobeak lortzen dituela.
Zure osasuna eta ongizatea zure burmuinaren, bihotzaren eta gorputzaren artean bi norantzetan gertatzen diren nerbio-bulkaden kantitatearen eta kalitatearen mende daude. Informazio hori guztia zure bizkarrezurraren erdigunetik pasatzen da, eta badakigu izan ditzakezun orno-subluxazioek informazio-fluxu horri eragiten diotela eta zure gorputzak bere kabuz erregulatzeko eta sendatzeko duen gaitasuna arriskuan jartzen dutela.
INSIGHT teknologiak ez du eragin sekundariorik, guztientzat balio du, eta aproposa da haurrentzat eta haurdunentzat ere.
INSIGHT teknologiaren bidez baloratu nahi dugu nola eragiten dioten nerbio-sistemaren funtzionamenduari, bizkarrezurrean dituzun subluxazioek. Horretarako, hiru neurketa egingo ditugu:
Astero Kiropraktikari buruzko dohako hitzaldi bat izaten dugu gurean, Kiropraktika zer den azaltzeko. Aukera paregabea da gu ezagutzeko, zure zalantzak argitzeko eta Kiropraktikak lagun zaitzakeen jakiteko. Interesatua egon ezkero, deitu 943 79 92 83 telefonora eta hitzordua emango dizugu.
Ez da beharrezkoa ezer berezirik sentitzea kiropraktikoarengana joan ahal izateko.
Kiropraktikaren helburu nagusia bizkarrezurra zaintzea da, horrek nerbio-sistemaren lana oztopa ez dezan. Osasun ona izateko, garrantzitsua da ziurtatzea bizkarrezurra egoera onean dagoela eta nerbio-sistemak interferentziarik ez duela. Horrela, organismoak berezkoa duen birsortzeko eta sendatzeko gaitasuna handiagoa izango da.
Kiropraktika jaioberriei, haurrei, haurdun dauden emakumeei, helduei eta adinekoei zuzenduta dago, egoera fisikoa eta psikikoa edozein dela ere. Izan ere, kiropraktikak osotasunean bizi izaten laguntzen digu. Ez dago kiropraktikoarengana joateko adin egokirik; edozein une da ona gure osasunaren ardura hartu eta aldatzeko: sintomak edo gaixotasunak heltzeko zain egon beharrean, geure burua zaintzeko eta gure ingurunera egokitzeko gaitasuna handitzeko.
Ez. Kiropraktikoarendako beharrezkoa da zaintza hasi aurretik pertsona bakoitzaren egoera fisiko eta psikikoa aztertzea. Horregatik, lehenengo bisitan historial klinikoa aztertzeaz gain, hainbat neurketa egingo ditugu zure bizkarrezurraren egoera aztertzeko. Azken 120 urteetan hainbat teknika desberdin garatu dira kiropraktikaren arloan segurtasun eta eraginkortasunez lan egiteko.
Bai. Badakigu momentu zehatzen batean osasun arloko hainbat profesionalen laguntzaren beharra izan daitekeela.
Fisioterapiak eta osteopatiak gorputzaren beste aspektu batzuetan egiten dute lan eta horiek ere positiboki eragingo dute pertsonaren hobetze prozesuan. Garrantzitsua da guretzat zuri laguntzen ari diren beste profesionalen berri izatea; beharrezkoa izanez gero, gure lan prozesua moldatu edota elkarlanean aritzeko.
Kiropraktika osasun arloko lanbidea da, zeina bizkarrezur eta sistema neuro-muskulu-eskeletikoan izan ditzakegun alterazio mekanikoen diagnostiko, tratamendu eta prebentzioaz arduratzen den. Kiropraktikoak, bost eta zazpi urte arteko iraupena duen formakuntza unibertsitarioa gainditu ostean, kiropraktikan doktore gradua jasotzen du eta lehen arretako profesional bezala jarduteko gaitasuna du. Kiropraktikoaren lana gorputzak duen birsortzeko eta sendatzeko gaitasunari zuzendurik dago. Helburua da arazoaren jatorriarekin lan egitea; ez horiek sor ditzaketen sintomekin soilik.
Espainiar estatuko eta Hispanoamerikako kiropraktika erakundeek “Kiropraktika” hitza onartzen dute (ez “Kiropraxia”);1895. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan lanbide hau izendatzeko sortu zen “Chiropractic” hitzaren itzulpen ofizial bezala.
Kiropraktikak ez dauka zer ikusirik masajeekin. Kiromasaje hitza masajeekin loturik dagoen beste lanbide bati dago zuzendua eta hainbat herrialdetan erabiltzen da. Bi hitz horien antzekotasuna medio, tamalez, espainiar estatuan nahasketa asko sortzen da. Masajistak mundu osoan zehar topa ditzakegu, baina ez dago horiek denak bateratzen dituen erakunderik. Kiropraktika ikasketak unibertsitarioak dira eta zentro bakoitzak eskaintzen duen programak mundu mailako erakunde batek ezarritako baldintza zorrotzak bete behar ditu, akreditazioa jaso ahal izateko.
Bai. Nahiz eta radiografia edo resonantzia magnetikorik ez izan, joan zaitezke kiropraktikoarengana. Lehenengo bisitan, hainbat azterketa egiteaz gain, zure historial klinikoa ere aztertuko dugu. Zaintza kiropraktikoarekin hasi ahal izateko, zure bizkarrezurraren irudiren bat izatea beharrezkoa ikusiko bagenu, jakinaraziko genizuke.
Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hitzaldira etortzea zaintza kiropraktikoarekin hasi aurretik. Hitzaldiaren helburua da kiropraktikak zertan datzan eta izan ditzakezun onurak azaltzea. Horrek guztiak zure gorputzean gertatzen ari dena hobeto ulertzen lagunduko dizu eta zalantzak argitzeko ere balioko du.
Kiropraktika tratamentu seguru eta kontserbatzaileenetako bat bezala onartua dago. Doikuntza atsegina eta zehatza da eta teknika pertsonaren beharretara moldatzen da. Kiropraktikoak bost eta zazpi urte arteko iraupena duen formakuntza unibertsitarioa gainditu ostean, kiropraktikan doktore gradua jasotzen du. Prestakuntza egokiarekin, segurtasun berme altua eskaintzen du.
Inola ere ez, doikuntza kiropraktikoak ez du min ematen.
Zaintza kiropraktikoaren iraupena guk gure bizkarrezurra, nerbio sistema eta osasuna orokorrean %100era mantendu nahi dugun besteko denborakoa da. Doikuntza bakoitzarekin nerbio sistema orekatzen da, eta horrek onura du gorputzeko atal eta sistema desberdinetan. Eguneroko estresera era egokian moldatu ahal izateko, ezinbestekoa da gure nerbio sistemak ahalik eta ondoen funtzionatzea. Gure bizkarrezurreko subluxazioak doitzeak gorputzak berez osatzeko duen ahalmena handiagotzea eta bizi kalitate hobeagoa izatea dakar.
Pertsona bakoitzak bere erritmoa du. Batzuk doikuntza gutxi batzuekin askoz hobeto sentitzen dira, beste batzuek, ostera, denbora gehiago behar dute hobekuntza igartzeko. Kontuan izan behar da, normalean, gorputzak denbora daramala modu ez-osasuntsuan funtzionatzen eta aldaketa prozesuak bere denbora behar du. Kiropraktikaren helburua ez da sintomak tratatzea. Kiropraktikak gorputzak berriz behar bezala funtziona dezan laguntzen du, eta hori dela eta, sintoma asko desagertzen dira. Gorputzean desoreka bat dagoenean, sintomak azaltzen azkenak dira. Sintomak azaldu aurretik, urteak pasa ditzakegu %100 funtzionatzen egon gabe. Oreka berreskuratzen goazen heinean, normalean sintomak dira desagertzen lehenak. Horrek ez du adierazten erabat osasuntsu eta erabateko funtzionamenduarekin gaudenik.
Tel.: 943799283
info@bizikiropraktika.com
Astero Kiropraktikari buruzko dohainezko hitzaldi bat izaten dugu gurean, Kiropraktika zer den azaltzeko. Interesatua egon ezkero, deitu eta hitzordua emango dizugu.
OHARRA: Mesedez deitu telefonoz txanda hartzea edo aldatzea nahi izan ezkero. Eskerrik asko.